Quantcast
Channel: Karrajua - gramatika
Viewing all articles
Browse latest Browse all 9

Gramatikak hiztuna itotzen duenean

$
0
0

Hona ekarri nahi dudan eztabaida galdera sinple bat eginez has daiteke: hizkuntza bat zerk osatzen du, hiztunak bere eguneroko jardunaren bitartez ala hizkuntzaren arau gramatikalek?

Eta erantzuna, gehienentzat, sinplea eta argia da segur aski: hizkuntza hiztunek etengabe eraikitzen duten errealitatea da lehenik, eta era analitiko batean -edo zientifiko batean, nahi bada- aztertzen eta jasotzen den arau eta ezaugarri multzo bat bigarrenik.

Baina, hain ebidentea dirudien hori -edo agian ez?- askotan ez da errealitatearekin bat etortzen. Are gehiago irakasleon jardunari erreparatzen badiogu: zenbatetan ez ote gara itsutu gramatikarekin? Zenbatetan jarri dugu gramatika hiztunaren aurretik?

Argi dago, ikaslegoaren gehiengoarentzat euskalduntzeko ezinbesteko tresna da gramatika, ez dut hori ukatu nahi. Ni ez naiz horietaz ari, ni jada euskaldunak direnez ari naiz: nork ez du izan inoiz hiztun “peto” bat -dela trebetasunen bat hobetzeko, hiztegian sakontzeko, euskaraz gai “berriez” hitz egiteko, jendea ezagutzeko...- euskaltegira hurbildutakoa? Eta zenbatetan jarri izan zaie euren hizkera ezbaian, adibidez, “zergatik...” erantzuten dutenean? Ez ote da hori tresna (gramatika) helburu (hizkuntza, hiztunen eraikuntza behar lukeena) bilakatzea? Ez ote da garbizalekeria bigun batean erortzea?

Jakina, ez da erraza mugak non diren zehaztea: zein da hiztun egokia? Hiztun “petoak”, hau da, normalean euskaraz mintzo ohi diren guztiak hiztun egokiak dira? Norbaitek esan lezake, eta arrazoi osoz, ezetz. Baina, era berean, gramatikaren sakralizazioan erori nahi ez badugu, ezezkoa beharko luke honako galderaren erantzunak ere: gramatika arau guztiak ez betetzeagatik hiztun kaxkarrak dira? Zein dago zeinen zerbitzura?

Badakit, erantzunak baino gehiago galderak ekarri ditut hona. Baina, hain zuzen ere, uste dut horixe dela beharrezkoena: hausnarketa eta eztabaida, gramatikaren eta hiztunen errealitatearen arteko oreka zaila egoki kudeatzeko, iparra ez galtzeko, hiztun “petoak” ez uxatzeko -frustrazioagatik (“nirea ez da euskara”) edo mesfidantzagatik (“egun darabiltena ez da euskara”). Azken batean, ahalik eta jende gehien euskarara hurbiltzeko.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 9